Mozal-agindu berritua: Addameerri galdeketan dauden hainbat atxiloturi buruzko edozein informazio argitaratzea debekatu

2019ko urriaren 11

Galdeketan dauden hainbat atxiloturen kasuei buruzko mozal-agindua beste hilabetez berritu zuten okupazio-agintari israeldarrek, 2019ko azaroaren 10era arte, zehazki. Atzo, 2019ko urriaren 10a, Jerusalemgo Lehen Auzialdiko Auzitegiak inteligentzia-unitate israeldarraren eskaerak onartu zituen: mozal-agindua eskaturiko epealdi osorako berritzea eta atxilotuen kasuen gaineko edozein xehetasun argitara dadin debekatzea. Entzunaldian, aldeetako bat besterik ez zen egon,  inteligentzia-unitate israeldarra, hain zuzen, eta atxilotuen lege-ordezkariak bertan egon zitezen debekatu zuen, horrela mozal-agindua indargabetzeko oinarrizko eskubidea ukatuta. Aipatu beharra dago defentsa-taldea 2019ko irailaren 10eko mozal-aginduaren hasierako entzunaldiko prozedura judizialetatik kanpo ere geratu zela. Agindu horrek hilabeteko mozal-agindua ezarri zuen, 2019ko urriaren 19an amaitu zena. Mozal-agindua gorabehera, hedabide eta inteligentzia-sail israeldarrek etengabe argitaratu dute kasuei buruzko informazioa. Mozal-aginduaren indarraldian, iturri israeldarrek argitaratzeko askatasuna egikaritu dute, eta aginduaren aplikazio hutsal hori solik uler daiteke iritzi publikoan eragiteko modu gisa, bereziki atxilotuak oraindik ez direlako akusatuak izan.

Addameer bereziki kezkatua dago mozal-aginduan aipaturiko atxilotuen ongizate eta osasunagatik; izan ere, haietako batzuk abuztuaren amaieratik daramate atxilotuta,  eta askori beren abokatuekin elkartzea ere eragotzi diete. Addameerrek bisitatu ahal izan dituen atxilotuen kasuan, atxiloketa- eta galdeketa-garaian tortura fisiko eta tratu txar larriak dokumentatu ditu. Addameerren, kezkatuta gaude mozal-aginduaren bidez atxiloturiko guztiei eragindako torturengatik. Gainera, abokatuek atxilotuak bisitatzeko debekua nazioarteko zuzenbideak ezarritako bidezko epaiketa izateko eskubidearen urraketa sistematikoen beste adibide bat da.  

Addameerrek azpimarratu nahi du mozal-agindua galdekatzaileek preso palestinarrei ─eta haien senideei─ eginiko giza eskubideen urraketa larriak estaltzeko saiakera dela. Senideena, gainera, atxiloaldian presoei presioa eragiteko tresna gisa erabili da. Gainera, mozal-legea presoaren eta haren familiaren zein abokatuaren oinarrizko eskubideen bortxaketa da, ezin baitute informaziorik eskuratu.