Khaled Farraj

Khaled Farraj

Adina: 31 urte

Helbidea: Dheisheheko errefuxiatuen kanpamentua

Egoera zibila: ezkongabea

Lanbidea: gorputz-hezkuntza irakaslea

Atxiloketa-data: 2108.01.24

Espetxea: Negev basamortuko espetxea (Ketziot)

Barrutia: Belen

Lege-estatusa: atxiloketa administratiboa

 

 

Khaled Farrajek honela esan zion Addameerreko abokatuari: "Nire esperientziagatik, ezin dut auzitegi militarretan konfiantzarik izan. Gose-greba hasteko erabakia hartu nuen ezuin dudalako itxaron 16 hilabetez baino gehiago. Bietako bat: askatzeko ezinbesteko erabakia hartuko dut ala aska(tu nazazue) berehalakoan."

Atxiloketa eta lege-estatusa:

Okupazio-indarrek 2018ko urtarrilaren 24an atxilotu zuten Khaled Farraj. Galdeketa-zentroan, behin eta berriz galdetu zioten Facebookeko bere orrian argitaraturikoari buruz. Leporatu zioten kargu-zerrendan, Facebookeko argitalpenen bidezko akuilatzea egotzi zioten, nagusiki, bere argitalpenek "oposizioko erakundea" sustatzen dutela argudiatuta. Fiskal militarrak argudiatu zuenez, Khaleden argitalpenek haren inguruko jendearen iritzian eragin zuten. Gainera, kargu-zerrendaren arabera, haren argitalpenek "oposizioko erakundea" sinbolizatzen zuten, kontuan hartuta irudietako batek Adham anaia okupazio-espetxeetatik aske geratu zela ospatzen zuela. Okupazio-politikek eginiko adierazpen-askatasunaren aurkako urraketa etengabeak azpimarratu zituen kargu-zerrendak. Politika horiek oinarrizko eskubide palestinarrak ukatzen dituzte, nazioarteko konbentzioek babesturik egonagatik ere. Kargu-zerrendak nabarmen utzi zuen okupazioaren politikak behin eta berriro urratzen duela adierazpen- eta iritzi-askatasuna, eta palestinarren oinarrizko eskubideak, nazioarteko itunek babestuta dauden horiek, ukatzen dituela.

Epaitegiko entzunaldian, epaileak onartu zuen aipatu kargu-zerrendako hiru mezuak aurreko urtekoak zirela, eta adierazi zuen ulergaitza zela zergatik ez zuten atxilotu orduan. Auzitegiak ebatzi zuen argitalpenen emaitzek eragin eskasa izan zutela, pertsona gutxik ikusi zituztela argitalpenok, eta, beraz, akusazio-karguak murriztu egin beharko liratekeela. Halaber, adierazi zuen akuilatzea epaitzeko estandarra argitalpenen izaeran eta kopuruan oinarritzen dela. Azkenean, auzitegiak erabaki zuen Khaled askatzea, 4.000 shekeleko fidantza eta 6.000 shekeleko isuna ezarrita. Fiskal militarrak apelazioa aurkeztu zuen ebazpen haren aurka, eta apelazio-saiora arte atxiloturik egoteko eskatu zuen. Apelazio-saioaren egunean, emaitza espero zena izan zen: fiskalak ezin izan zituen atxiloaren aurkako karguak frogatu; hortaz, haren kontrako atxiloketa administratiboa agindu zuen. 

441 atxiloketa-egun... kargurik eta epaiketarik gabe

2018ko otsailaren 7an, fiskaltzak aurkezturiko apelazioa ebazteko saioan, goizean, Khaled Farrajen aurkako sei hilabeteko atxiloketa administratiboa sinatu zuen Zisjordaniako komandante militarrak. Auzitegi militarrak atxiloketa-agindua indarraldi osorako berretsi zuen, atxiloa eta haren abokatua bertan izan gabe. Khaled Farrajen kasuak argi utzi du okupazioaren fiskalak bere aldeko legea probestu zuela auzitegiak Khaled aske uzteko erabakiaren aurkako apelazioa aurkeztu zuenean, eta behar adina denbora hartu zuela atxiloketa administratiborako agindua igortzeko. Ez da harritzekoa, okupazio-agintari israeldarrek etengabe egikaritzen duten abusua ikusita: atxiloketa administratiboa disuasiorik gabeko epaiketaren alternatiba gisa erabiltzen dute, eta, horrela, Genevako Laugarren Hitzarmenaren oinarrizko xedapenak urratzen dituzte. Khaleden aurreneko atxiloketa administratiborako agindua amaitu aurretik, eta  gaixo zuen aita zendu egin zela jakin ondoren justu, haren aurkako atxiloketa administratiboa bigarrenez luzatu zuten, beste sei hilabetez. Berresteko entzunaldian, epaile militarra ez zegoen konbentzituta Khaleden aita hil izana presoa askatzeko arrazoia zenik; are gehiago, Khaled atxiloaldi administratiboan luzaroan egoteko aukera aipatu zuen, eta atxiloketa administratiborako agindua beste sei hilabeterako berretsi zuen. Berez, bigarren agindu hori 2019ko urtarrilaren 22an zen amaitzekoa. Addameerreko abokatuak Khaleden atxiloketa administratiborako agindua apelatu zuen. Halere, apelazio-auzitegia lehen auzitegiaren jarraipena da, eta, haren arabera, jasotako informazio sekretuak argi utzi zuen Khaled jarduera arriskutsuekin lotua dagoela eta horiek kaltegarriak direla tokiko segurtasunerako eta pertsonentzat; horrenbestez, kasazio-errekurtsoa ezetsi egin zuen. Khaled atxiloaldi administratibo arbitrarioan urtebetetik gora egon ondoren, okupazio-agintariek hirugarrenez berritu zuten haren aurkako atxiloketa administratiborako agindua, beste sei hilabetez, 2019ko uztailaren 21era arte. Auzitegi militarrak agindua baietsi zuen, eta, ondorioz, Khaled Farrajek horren aurkako gose-greba hastea erabaki zuen, ez duelako bidezko epaiketa izateko inolako zantzurik.

Okupazio-agintariek jarraitzen dute erabiltzen atxiloketa administratiboen politika bidezko epaiketaren alternatiba gisa, bereziki ez dutenean atxiloaren aurkako karguak frogatzerik. Horrek argi erakusten du okupazio-indar israeldarrek sistematikoki egiten dituzten urraketak. Atxiloak edo haren abokatuak ikusi ezin dituzten isilpeko materialean eta informazioan oinarrituz pertsonak atxilotzea bidezko epaiketaren bermearen oinarrizko urraketa da. Atxiloak ez du baldintza horiek onartzeko aukerarik, eta abokatu baten defentsa izateko eskubidea du. Gainera, atxiloaldi arbitrarioak luze jotzen du, atxiloaren asmoei dagokienez komandante militarrak nahieran harturiko erabakiaren mende, ez presoaren aurkako kargu argien arabera.

Okupazioak debekatu egin zion Khaledi aitari agur esatea

Okupazioaren politika da presoei mendeku hartzea. Era berean, Khaleden atxiloketa arbitrarioak ez ditu betetzen bidezko epaiketaren gutxieneko baldintzak. Okupazio-agintariek ez zioten utzi aitari, Jamal Farraji, aurreko urtean zendu zenari, agur esaten; haren gaixotasunak ez zituen okupazio-indarrak hunkitu. Aitak berak ere nozitu zuen okupazioaren zapalkuntza, 10 urte inguru eman baitzituen espetxean. Lehen Intifadan, Palestinatik erbesteratu zuten, eta Israelgo espetxeetan zabarkeria medikoa pairatu zuen; bakartuta zegoela, giltzurrunetako bat hondatu zitzaion, eta horrek eragin zion hilobira eraman zuen eritasuna.

"Mingarriena da, eta deskribatu ezin dudana, aita hil zenean kartzelatu nindutela; harreman estu eta berezia nuen harekin. Atxilotu nindutenetik gaur egunera arte, ez da inolako arrazoirik egon ni atzituta izateko". Khaled Farraj, auzitegiko entzunaldian.

Last Update